Bulego: “Momentu polita izan daiteke gelditu, urrundu eta sorkuntzarako urtea eduki ahal izateko”
Bulegoko Tom eta Xabi “Dida!”n egon dira, taldearen etorkizun hurbileko planak hizpide. Izan ere, 2025eko biraren ostean, urtebeteko geldialdia egingo dutela kontatu digute musikariek.
“2026an ez dugu kontzerturik emango, atsedena hartu nahi dugulako eta datozen Bulegoren urteak orain arteko ederrenak izatea nahi dugulako. Horretarako, eszenatokitik distantzia hartu behar dugu”, azaldu du Tomek. Erabakiak bertigoa eragiten duela aitortuta, atseden beharra ate joka dute taldekideek.
Gelditu aurretik hitzordu berezia egingo dute. Azaroaren 9an, Bulegok azken kontzertua emango du Bilboko Euskaldunan: “Orain arteko gure kontzerturik hunkigarriena izango da”. Sarrerak abenduaren 12an jarriko dituzte salgai.
Durangoko Azokan lau egun eman ostean, bertan bizitakoaz ere aritu dira. Zaleekin hitz egiteko aukera izan dute, baita hamaikatxo argazki atera eta beste horrenbeste autografo sinatzeko ere.