Euskalkiez gozatzeko lau kanta, Euskararen Nazioarteko Egunean
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Maialen Goirizelaia kolaboratzaileak tarte berezia prestatu du “Dida”n. Euskalkiren batean abesten duten musikariak ekarri ditu Goirik, Gipuzkoan hasi eta Kaliforniara iritsita.
Kolaboratzailearen playlistaren baitan, Tattaren “Zure Falta Dut” entzun dugu, Arrasateko euskararen aditzei erreparatuta.
Gero, Behe Nafarroako euskaran Chinotik (Kalifornia) datorren kanta oso berezia entzun dugu: Bidart aita-alaben “Eskusoinuaren Pentsamenduak”. Abestiaren istorio bitxia kontatu digu Maialenek: Pedro Juan Etxamendi 1914an jaiotako soinujoleari idatzitako kanta da, eta soinuak berak jabeari abesten dio.
Bizkaierari ere egin dio tokia, bi proposamenekin. Armosu taldearen “Zer ostondu” kantan, izenburutik hasita, bizkaitarrez abesten du hirukoteak. Baita TOCek ere, “Emoie” (opari, bizkaieraz) izeneko abestian.