Eskuartean dugu ‘La Txama’ren lehen diskoa: zortzi kanta eta zuzenean gozatzeko ikuskizun bat

La Txama taldeko Tuli, Afu eta Jonvi “Dida”n izan dira, La Txama izeneko diskoa aurkezten.

Zortzi kanta bildu dituzte diskorako: ezagutzen dugun Raimundo el Canasteroren elkarlana (“Derrumbes y Pajaritos”) eta beste zazpi abesti berri. Aipatutakoaz gain, FlakoFonki Chill Mafiako kidearen kolaborazioa ere aurki dezakegu: "Fusilaren Hotza".

Estiloari dagokionez, ohiko corrido tumbadoa, cumbia eta erritmo latinoak nagusi. Hala ere, diskoa entzuteko esperientzia ondo dagoen arren, La Txama zuzenean ikusteko talde bat dela azpimarratu dute kideek.

Esperientzia hori galdu nahi ez dutenentzat, hitzordu andana izango dituzte: Bilboko Kafe Antzokia, Bergarako Kartzela Zaharra, Bartzelona, Madril…