Galerak eragiten duen hotzari abesten dio Merina Grisek, “lilili” izeneko kanta berrian
Merina Griseko Sarak "lilili" abestia aurkeztu digu, zuzenean, "Dida!"n. Bikote harremanen baitan sortzen diren kodigo horietako bat da 'lilili', bikoteko bi kideek soilik ulertzen dutena.
Galera bati abesten dio donostiar bandak bere single berrian; hutsari eta horrek eragiten duen hotzari.
Bideoklip ikusgarriarekin dator singlea; Sarak berak "opari" gisa definitu duen lanarekin, hain zuzen ere. Patrick Criado (Antidisturbios, La Casa de Papel, Águila Roja…) eta Aitana Batres (Tú no eres especial) dira gaurko egunean zehar plataforman ikusgai izango dugun bideoklipeko protagonistak. Bitxikeria gisa, "lilili"ri irudia jartzen dioten bi aktoreak bikotekide direla kontatu digu Sarak.
Zuzenekoei begira, urtea fuerte datorrela aurreratu digu. Kontzertu gutxi emango dituzten arren, dagoeneko ikusi ditugu Mad Cool eta Primavera Sound jaialdien karteletan.