Ane Negueruela, taldeko lehen abeslaria, izango da Nogeneko ahots berria
Ane Negueruela izango da Nøgen taldeko abeslari berria eta Anek berak primizian kontatu digu "Dida!"n. Ane taldeko lehen abeslaria izan zen eta 2018an utzi zion bertan abesteari, ikasketak tarteko.
Eider Saezek taldea utzi ostean, bueltatzea erabaki du Negueruelak. "Ilusio askorekin" eta "beldur pixka batekin" dagoela aitortu digu musikariak, berak utzitako banda eta gaur egungo Nøgen oso bestelakoak baitira. Taldeak egun duen arrakasta "handiegi" etorriko ote zaion beldur den arren, indartsu eta gogotsu dator Negeruela.
Nøgenek, bere aldetik, "hasiera berri baten atarian" daudela iragarri du ohar bidez. "Inoiz ixten ez den zirkuluaren arkua marrazten ari garela sentitzen dugu, beti bezala, bidean gure etxea bilatzen, hil arte bizitzen, azalaren eta denaren azpitik hunkitzen gaituena bilatzen. Bidaia honetan aurrera egiteko, Lys eta Liv Til Dødenen gurekin bidea hasi zuen Ane aurkitu eta berriro elkarrekin musika egiteko zortea dugu. Zirkuluan aurrera egiteak batzuetan hasierara gerturatzen gaituen honetan, elkartu gintuen lekuetara bueltatzeko aukera izan dugu zuekin hitzak eta akordeak partekatzeko", azaldu dute.
Abeslariaren itzulerako lehen kontzertua laster izango dela aurreratu digu "Dida!"n.