Nerea Ibarzabal eta bere auzo-poza: "Oso maitatua sentitzen naiz, eta oso eskertuta"
Nerea Ibarzabal markinarrak irabazi du 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Larunbatean bizitakoaz eta txapela jarri zuen unean gogora ekarri zituenez aritu zaigu "Dida!"n.
Jone Uria bertsokide eta lagunarekin iritsi zen Ibarzabal buruz burukora, ahizpatasun erakustaldi dotorean.
Finaleko agurrean, Harry Potterren filmen soinu bandaren doinua erabili zuen Ibarzabalek, 90eko hamarkadako haurren gozamenerako.
Gaurkoan, bertsokideen zorion mezuak helarazi dizkiogu. Oihana Iguaranek ornitorriko baten bertsio "oso guapo" baten modura definitu du Nerea Ibarzabalen talentua. Onintza Enbeitak, berriz, "zorionak" hitza auzitan jarri du, zori kontuak baino, merezitako lorpena izan dela ulertaraziz. Eta egungo Bizkaiko txapeldunak, esker hitzak besterik ez ditu izan bueltan.
