Pagadi, ‘Bisita’z: “Mundua bukatzen ari denean bizkotxo bati begiratzeak oso epizidade gutxi du, eta horrek inspiratu ninduen”

'Bisita' nobelaz, 'Argizaiola' eta 'Herri Txiki' saioez eta bizitzaz aritu dira Ainhoa Vitoria eta Sara Alonso, Mikel Pagadirekin.
18:00 - 20:00

Mikel Pagadi hartu dute Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsok, “Bitan”en. Primeraneko ‘Argizaiola’ saioaz eta Bisita eleberriaz aritu dira, besteak beste.

Estralurtarren aitzakia erabilita, gizakion jarrera bitxiez mintzo da Pagadi Bisitan. Pagadik kontatu digunez, pandemia garaian Anoetako bidegorri bueltan ikusitako gauza bitxiek inspiratu zuten istorioa.

Umoregintzan hogei urtetik gora daramatzan arren, egunerokoan “rantzio” bat dela dio elkarrizketatuak: “Pagadi buzo bat da, eta etxera iristerakoan zintzilikatu egiten dut”.

Historiaren zale amorratua da Pagadi. Gaiari lotutako piezen kolekzioa egiten duela kontatu digu, eta ordu dezente ematen dituela interneten erreplikak begiratzen. Etxean dituen objektu guztien artean bat aukeratu beharko balu, argi dauka Pagadik, ez luke historiarekin zerikusia duen ezer aukeratuko, rumba xurgagailua baizik.

Primeranen ikusgai dagoen ‘Argizaiola’ euskal misterioen saioaz galdetuta, bere bizitzako lana dela aitortu digu gonbidatuak. Ongi pasatzeaz gain, asko ikasi dutela kontatu digu: “Informazio asko dago, gauza asko deskubritu ditugu eta umorea beti egon da hor”. ETB1eko 'Herri Txiki' saioan ere jarraitzen du Pagadik. “Nire bizitzaren parte izaten ari da”, aitortu digu. Miren Nogalesek lagunduta, Euskal Herriko txoko guztiak bisitatu ditu dagoeneko. Saioaren zaleek gehien esaten diotenaz galdetuta, hainbeste ez makurtzeko esan ohi diotela kontatu digu Pagadik.