Intza Alkain eta Edurne Azkarate: “Heriotza bera baino, heriotza inguratzen duen guztia gertatzen da obran”

Formol Laborategiko kideek ‘Heriotzak Eduardo du izena’ obra aurkeztu digute “Bitan” saioan. Poesia irudi bilakatzeaz, heriotzaz eta euskal antzerkigintzaz aritu dira.
18:00 - 20:00

Edurne Azkarate eta Intza Alkain “Bitan” saioan izan dira, Heriotzak Eduardo du izena izeneko obra aurkezteko.

Antzerkia eta poesia uztartu dituzte Susa argitaletxearen enkargu honetan, poesia “ez errezitaldi” batean: “Ikuskizun bat da, eszenaratze bat, ez da ohiko errezitaldi bat”. Olerkiak oholtzara eramateko lan honetan, hitzak irudi bilakatzen saiatu ziren Formol Laborategiko kideak: “Poesiak badu iruditik, hitzekin irudiak sortzen dira liburuetan, eta hori izan zen gure abiapuntua: poemak hartu eta burura ekartzen zizkiguten irudiei erreparatzea”.

Irudi horiei tiraka, etxe bilakatu zaien bunker bat eraiki zuten Alkain eta Azkaratek. Publikoak bunker horretan sartu edo kanpotik begiratzeko aukera izango du, baita obran parte hartzekoa ere.

Formoleko kideek kontatu digutenez, heriotzak eta despedidek berebiziko garrantzia dute Heriotzak Eduardo du izenan: “Bizitzaz beteriko pieza da, baita despedidetan ere”. Heriotzara hurbiltzeko esfortzu berezia egin dute sorkuntza prozesuan: “Gaia lantzeak eraman gaitu despedidak benetan bizitzera eta oso hunkigarriak izatera, eraman gaitu elkar ulertzera. Azkenean, antzezlanean heriotza inguratzen duen guztia gehiago gertatzen da heriotza bera baino”, azaldu du Azkaratek.

Euskal Herriko antzerkiaren eszenaz ere galdetu diete bi aktoreei. Honela erantzun dute: Zorte handia daukagu, badaukagu publikotxo bat bigarren pieza honetan ere gurekin egon dena eta enamoratu gaituena. Gure esperientzia ez da orokorrena, baina badakigu normalean antzerkiko publikoa 45 urtetik gorako señorak direla”. Hala ere, garaiak aldatzen ari direla uste dute elkarrizketatuek; izan ere, publiko gaztea gerturatzen da Formolen obrak ikustera.