Aintzane Gamiz: “Euskal bikoizketa ezinbestekoa da euskararen normalizazioan”
Aintzane Gamiz aktore eta bikoizlea “Bitan” saioan izan da, Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsorekin. Besteak beste, Donostiako hondartzetako abisuen ahotsa Aintzanerena da, baita Gazteako jingle gogoangarri askorena ere bai.
Bestela, hezkuntza teknikaria, gatazka bitartekaria da Baketik irabazi gabeko erakundean eta coacha da Aintzane Gamiz. Ofizioak konnotazio negatiboa hartu badu ere, “barne hausnarketa egiten laguntzen dizun bidelagun” gisa ikusten du bere burua. Lan honi buruz hizketan, “dituzun gaitasun eta zailtasunak kontuan izanda, prozesu baten aurrera egiteko tresnak erabili eta helburu bat lortzen” laguntzen saiatzen dela kontatu digu.
Taldean lan egiten du Aintzanek askotan, eta bereziki maite du jendartean aritzea. Are, bizi garen gizarte kapitalistan kolektibitateak duen indarra azpimarratu du “Bitan”en.
Euskal bikoizketaren panoramaz ere aritu gara elkarrizketatuarekin. Eta titular bat bota digu: “Plataforma digitalek euskal bikoizketaren berpizkundea ekarri dute”. Izan ere, Primeran bezalako plataformen sorrerarekin, edukiak euskarara bikoizteko premia handia sortu da azkenaldian. Hau aipatuta, euskararen normalizazioa bultzatzeko euskal bikoizketa ezinbestekoa dela azpimarratu du Gamizek.
Elkarrizketa bukatzeko, ahotsekin eta pertsonaiekin jolastu gara Aintzane Gamizekin. SÜNEren “Lau Korapilo” kantaren letra hartu eta hainbat modutara interpretatzeko eskatu diogu.