IDOIA: “Egiten dudan guztia inoiz biziko dudan gauzarik handiena bezala bizi dut”

‘de amar y desandar’ diskoak urtebete beteko du laster. Krisia, loratzea eta fruitu bilketa egin du ordutik aramaioar artistak. “Bitan” saioan kontatu die Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsori.
18:00 - 20:00

IDOIA musikaria izan da “Bitan” saioko lehen gonbidatua. Aramaioar artistak bere bigarren diskoak egin duen ibilbidea izan du hizpide Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsorekin.

Ia urtebete igaro da IDOIAk de amar y desandar diskoa kaleratu zuenetik. Diskoa sortu eta kaleratzeko prozesua lurrazpitik loratzera bitarteko bidaia izan zela kontatu zigun orduan. Hainbat hilabete eta gero, berretsi egin digu: “Disko hau idaztea prozesu oso terapeutikoa izan zen, loratze bat. Baina orain, urtebete pasatu dela, esan dezaket fruituak ematen hasi eta fruitu horietaz gozatzen ari naizela”.

“Diskoa nire bizitzan izan dudan inflexio puntu handienean hasi nuen; hautsi egin nintzen, eta hauskortasun horretatik loratu naiz”, azpimarratu du elkarrizketatuak. Inflexio puntu horretan sakonduta, Madrilen, kontzertu baten ostean izandako paniko krisiaz aritu zaigu IDOIA: “Hotelean nengoen, bakarrik, eta bat-batean guztiz apurtu nintzen, gorputzak “honaino” esan zidan”.

Ordutik, izan du puska guztiak bildu eta indarrez bueltatzeko adorea eta grina. Eta bidean hainbat lagun aurkitu ditu. Tartean, Olaia Inziarte, musikan zein bidaia emozionalean gertu izan duen bidaidea.

Elkarrizketa bukatzeko, umetako datu bitxia kontatu digute IDOIAk berak eta Sara Alonsok. Bada, Aramaion hazi eta hezi ziren biak, garai beretsuan, musikaren bueltan. Elkarrekin hasi ziren musika sortu eta jotzen.