Silitia: “Gure akatsak ezkutatzen saiatzea benetako popa egitea litzateke”
Silitia taldeko Ibai eta Xabi “B Aldea”n izan dira, euren disko berria aurkezten. Duela astebete kaleratu zuten Mirari Orok Topatzen Zauria izeneko bigarren lan luzea.
Duten zauriaz galdetuta, egungo errealitateaz aritu da bizkaitar bikoa: “Bizi dugun egoera da zauria, dela Trump, dela (Gazako) genozidioa edo dela Urdaibaiko ‘monstruitate hori’”, azaldu dute taldekideek.
Sortzen duten musikaren izaera karrankariaz galdetuta, deseroso egoteko egiten dutela diote taldekideek. “Leku zailetan ibiltzea eta esperimentatzea gustatzen zaigu. Erresistentzia egiteko gure modua da. Berez oso poperoak gara, baina eskasak gara popa egiten”, aitortu dute musikariek.
Urtzi Izaren estudioan grabatu dute bilduma, bandarekin. Zuzenekoetara ere talde formatuan joango direla aurreratu digute. Martxoaren 20an aurkeztuko dute diskoa, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean.