Brigade Loco: “Hedabideen aldetik, ez zaigu inoiz mainstreamean egoteko aukerarik planteatu”
Brigade Loco taldeko Manex Egaña “B Aldea”n izan da, atera berri duten Bide Baten Esanahia izeneko diskoa aurkezten.
Diskoak astebete darama kalean, eta jasotako erantzunarekin oso pozik daudela kontatu digu Egañak. Goraino betetako Totem aretoan jo zuten diskoaren aurkezpeneko lehen kontzertua, iragan asteburuan.
Azken urteetako bilakaera hizpide, gertatu zaien guztiaz hausnartzeko astirik hartzen ez dutela aitortu digu musikariak: “Inkontzienteki zortzi urte eman ditugu aurrera eta atzera, eta hegan joan dira, ia konturatu gabe”. Hala, erritmoa gelditu eta lortutakoa patxadaz gozatzeko deia egiten dute diskoko “Eten” kantan.
Euskal Herrian arrakasta handia duten baina hedabideetan agertzen ez diren taldeez ere aritu da musikaria. “Sentitu dugu hori, eta gustatuko litzaiguke arrazoia jakitea”, dio Manexek. “Egia da punk rocka pixka bat zirikatzaileagoa eta termino politikoetan zorrotzagoa eta hori ez zaio gustatzen hainbat mediori. Agian ez da interesatzen musika hori eta mezu esplizituak zabaltzea”, gaineratu du.