FKA twigsen ‘Eusexua’: dantza eta trantzea, bertsio zaharrak ahaztuta
ALAIek FKA twigs artistaren Eusexua disko berria aurkeztu digu “B Aldea”n. Musikariaren alderdi esperimentala eta izaera mistikoa nabarmendu ditu kolaboratzaileak.
“Bat-bateko transzendentzia, presentzia maximoa eta askatasuna” esan nahi du Eusexuak, eta FKA twigsek berak asmatutako kontzeptua da. Diskoaren mamian sakonduta, klub kulturak erabat inspiratutako diskoa dela kontatu digu ALAIek. Izan ere, Pragan egindako hiru hilabeteko egonaldian, klubetara joan eta bertako giroaz entzule gisa gozatzeko aukera izan zuen britainiar musikariak. Bertan, kolektiboaren indarraz jabetu eta dantzaren bitartez bere burua sendatu duela kontatu du artistak, emandako hainbat elkarrizketetan.
Aipatutako askapen prozesu horren eta sorkuntza prozesu kaotiko baten emaitza da Eusexua. Barruan aurkitu ditugun 11 kantak bere bizi esperientziara hobetzeko erabili dituen 11 zutabeak omen dira.