“edozerez”: Akaleia, bere bertsiorik aske eta gordinenean

Zumaiar artistak primizian aurkeztu digu bere single berria, “B Aldea”n.
18:00 - 20:00

Akaleiak esklusiban aurkeztu digu “edozerez” izeneko kanta, “B Aldea”n. Zumaiar musikariak azaldu digunez, inoiz baino gehiago busti da bere single berrian.

Letrak pentsamendu intrusibo gisa idaztearen aldekoa da Akaleia, ingurukoentzat eta publikoarentzat bortitza izan daitekeen arren. “Konposaketa eta ekoizpen aldetik, letra musikaren aurretik joan da, eta horregatik izan da hain aldakorra. Jolasten joan naiz, kantaren estrukturak zentzurik ote zuen asko pentsatu gabe”, azaldu du musikariak.

Erreferenteez galdetuta, Billie Eilishen izena otu zaio Akaleiari: “Kanta hau ekoitzi eta konposatzen nuen bitartean asko entzun dut bere azken diskoa”.

Zahararekin duen harremanaz ere galdetu dio Julen Idigorasek. Egonaldi artistiko batean ezagutu zuen Zahara, bera baitzen bertan jasotako ikastaroko irakaslea. “Modu askotan konektatu dut berarekin abestiak konposatzeko orduan, eta beste askotan, aldiz, bideak ireki dizkit; esperientzia oso aberasgarria izan da”, kontatu digu.

Epe laburrera, akustiko txiki batzuk emango dituela aurreratu digu artistak. Gero, bigarren diskoan murgilduko da, 2026an publikatzeko asmoarekin.