“Gizakiak badu miseriatik eta hori ere behar dugu landu, eramaten gaituelako diskurtso batzuk sortu eta erabaki politikoak hartzera”
Olaia Inziartek Zerrautsa izeneko bigarren diskoa aurkeztu digu “B Aldea”n. Kaleratu eta egun gutxira, diskoaren sorkuntzaz eta jasotako erantzunaz aritu zaigu nafar artista.
Huste ariketa bat izan da bigarren disko hau, hasiera hasieratik. Biluzterik handiena, akaso, “zerrautsa” izeneko lehen kantan egin du: “Husteko denean, eskuz idazten dut, koadernoan, eta kolpean idatzi nituen hitz guztiak”. Lehen abesti horretan, azkenaldian traba izan dituen pentsamendu intrusiboak eta bere buruak hartutako abiadura zoroa islatu nahi izan ditu, gordin eta arrapaladan, gertatu zaion bezala.
Mina erakusteko beharrari erantzunez, bigarren honetan kontu handiagoz ibili da nafar artista: “Kantagile eta kantari bezala, zauriak erakusteak bidaia bat dakar, eta buelta asko ematen dituzu, eta batzuetan bueltak ez dira sobera onak”. Horregatik, Zerrautsan aurretik nola sentitu den azaltzeko beharra somatu du: “Argi utzi dut aurreko diskoaren bidaiak zein ezinegon sortu zizkidan esposizioak eta tripak mahai gainean jartzeak”. Eta erabakiak eman ditu bere fruituak, jendea beste jarrera batekin hurbildu baitzaio.
Besteen konprentsioa bilatzeaz ere aritu da Inziarte: “Enpeinatzen gara ulertuak sentitzeko behar horretan, eta askotan paretaren kontra jotzea da. Ez da deus pasatzen, pertsona horrek berdin maite zaitu eta zuk bera ere bai”.
Musikaren industriaz galdetuta, “trendy izateko grina” nabaritzen duela kontatu digu musikariak. “Euskal panoraman ikusten dut jende asko horri heldu nahian kosta ala kosta; ikusten dut zurikeria aunitz, diskurtso hutsal eta zuri aunitz. Nire ustez, zerbait baldin badu arteak da sortzen ahal duela debatea, ezinegona eta hainbat eszena ezberdin izan daitezkeenak emankorrak herri batentzat”.
Tripek esaten dioten hori guztia zintzurretik ateratzen jarraitzeko asmoa du Olaiak, Zerrautsaren aurkezpen biran. Bere buruari egin dizkion galdera asko erantzuteko balioko diote zuzenekoek, eta gogotsu baina beldurtuta dagoela aitortu digu.