Mahl Kobat: “Nire buruari kalte egiten diodala konturatzeko balio izan dit diskoak”
Mahl Kobat artista ezagutu dugu “B Aldea”n. 2024 bukaeran kaleratu zuen Zelan Apurtu Pertsona bat. Izeneko estreinako diskoa.
Bakarkako ibilbideari ekin aurretik, Azalera izeneko taldean aritu izan da ondarroar musikaria. Gero, “bakarrik konposatzearen prozesu nekezean” murgildu zen, Mahl Kobat sortu arte.
Duela bost urte sortu zituen eskuartean dugun diskoko kanta batzuk: “Hiru urtean ez dut lortu ezer berririk konposatzerik, nituen abestiei bueltak ematen aritu izan naiz, moldaketak egiten, gitarra nola jo nahi nuen esploratzen…”.
Arlo artistikoan soilik ez eta pertsonalean ere ikasteko balio izan dio albumak. Izan ere, bertako letrak sortzen joan ahala, askotan bere buruari kalte egiten diola konturatu eta onartzen joan da Mahl Kobat. Bide horretan, ikasteaz gain, negar egin du: “Diskoan sartu ditudan abesti guztiek eragin didate negarra”.
Ibai Osinagarekin grabatu du bere estreinako diskoa, eta esperientzia sekulakoa izan dela kontatu digu “B Aldea”n. Diskoa atera zuenetik hiru zuzeneko eman ditu musikariak, Oñatin, Ondarroan eta Orion. Otsailaren 2an emango du laugarrena, Zuian.