Maren: “Hau esan zidaten: Edo X diru ordaintzen duzu edo ez duzu lanik egingo datozen bi urteetan”

'Qué Lástima' izeneko diskoa aurkeztu digu bizkaitar artistak. Bere proiektua kudeatzen zuen enpresarekin izandako arazoak eta infantilizazioa ere izan ditu hizpide, "B Aldea"n.

Marenek Qué Lástima izeneko diskoa aurkeztu digu “B Aldea”n.

Izenburuaz galdetuta, igaro duen “urte katastrofikoaren” ostean bere amonak esango lukeen esaldi bat dela kontatu digu. Izan ere, 2024 hasieran bira bertan behera utzi eta diskoaren aurkezpena atzeratu behar izan du, bere proiektua kudeatzen zuen enpresarekin kontratua hautsi ostean.

Enpresarekin izandako arazoak aireratu ditu bizkaitar musikariak, zintzotasun ariketa batean: “Gauza onak eta txarrak azaltzea gustatzen zait, publikoak eskertzen duelako eta proiektuaren atzean pertsona bat dagoela erakusten duzulako”.

Pairatu duen infantilizazioaz ere aritu da Maren. Oso gazte hasi zen musikaren munduan, 13 urterekin. Ordutik, denetarik entzun behar izan du. “Ume gisa tratatu izan naute denbora luzez, eta ez zait gustatu”, aitortu du. Amorru horretatik dator, hain zuzen ere, Qué Lástiman topatu dugun grina. Ironiatik, bromatik eta arintasunetik, mina ematen dioten gauzez hitz egiten saiatu da disko berrian.

Zuzenekoetan ere jasaten ditu halako jarrera paternalistak. Izan ere, biran daudenean, kontzertuarekin lotutako galderak bere teknikoari galdetzen dizkiotela kontatu digu artistak.