Itoiz: “Lau teilatu”ren profezia, bandaren lehen izena eta euskal rock progresiboaren eztanda

Joseina Etxeberriak Itoizen monografiko bat egin digu “B Aldea”n.

Itoiz. Udako sesioak dokumentalaren estreinaldiaren aitzakian, Itoizen remember bat egin digu Joseina Etxeberriak, “B Aldea”n.

Bart estreinatu da zinema aretoetan Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakak zuzendutako pieza, Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren egitarauaren baitan.

Rock progresiboaren baitan kokatzen ditu Joseina Etxeberriak Itoizen lehen hiru diskoak.  Itoiz izeneko lehen diskoa hizpide, bitxikeria bat kontatu digu kolaboratzaileak: taldekideek ez zuten “Lau teilatu”ren letrarik jarri diskoko liburuxkan, arrakasta handia izan zezakeen kanta zela aurreikusten baitzuten.

Juan Carlos Perez Itoizeko sortzaile eta abeslariaren figuraren bueltan, adierazpen kategorikoa egin du Joseinak: “Euskal rockean benetako iraultza ekarri duen tipo horietako bat da, ibilbide ikaragarria egin ostean atea ixteko gai izan dena”.

Datu bitxi batekin itxi du tartea kolaboratzaileak. 1974an, Itoiz izena asmatu aurretik, taldeari Indar Trabes izena jarri zioten bandako kideek.