SOPHIE: hyperpoparen ama eta egun entzuten dituzun abesti gehienen atzeko magia

Eskoziar ekoizlearen lana ekarri digu Alai Ormazabalek “B Aldea”ra, honen heriotzaren hirugarren urtemugan.
SOPHIE: hyperpoparen ama eta egun entzuten dituzun abesti gehienen atzeko magia

SOPHIE konpositore eta ekoizlearen heriotzaren hirugarren urteurrenean, honen obra izan du hizpide Alai Ormazabalek, "B Aldea"n.

Kolaboratzaileak azaldu digunez, egun hainbeste entzuten dugun hyperpop generoaren ama da eskoziar artista. Gehiago esatera ausartu da: "SOPHIEren ekarpenik gabe, gaur egungo popa ez litzateke existituko".

Bederatzi urterekin jakin zuen SOPHIEk eskola utzi eta ekoizle izan nahi zuela. Urte batzuk beranduago, modu autodidaktan ikasten aritu izan zen, PC Music zigilura iritsi arte. Bertan, artista ezagunentzat ekoitzi zuen eta egun nazioarteko sona duten artistekin inguratu zen (Charli XCX, A. G. Cook, Caroline Polacheck…).Lan harremanaz gain, harreman pertsonala zuten SOPHIEk eta Polacheckek. Horregatik, bere azken diskoan "I Believe" izeneko kanta eskaini dio Carolinek zendutako lagunari.Ekoizpenean, lanerako metodo berezia zuela azaldu digu Alaiek. Izan ere, SOPHIEren produkzioa ehuneko ehun elektronikoa zen: entzuten diren soinu guztiak uhinak konbinatuz lortzen zituen, zerotik, grabaziorik erabili gabe.