Rave kulturaren jaiotzatik heriotzara: identitate disidenteak, aldiriak, langile klasea eta gentrifikazioa
Kattalin Barcenak ikasturteko lehen tartea egin du "B Aldea"n. Musika korronteen bueltan dauden testuinguru sozialak aztertuko ditu musikariak, hamabostean behin.
Estreinaldirako, rave kultura aukeratu du kolaboratzaileak. 80ko hamarkada amaierako Erresuma Batuko testuinguruan, identitate disidenteen arnasgune gisa sortu ziren rave izeneko jaiak.
Kolaboratzaileak azaldu digunez, hirien bazterretan (Londres eta Manchesterreko aldirietan) bizi zen jendea (langileak, gazte arrazializatuak, lgtbi komunitateko kideak…) nazioartetik zetorren elektronika kontsumitzen hasi zen.
Kanpotik zetorren korrontearekin bat egiteko legez kanpoko espazioez baliatzen hasi ziren, halabeharrez, kulturaz eta arteaz gozatzeko zuten espazio bakarrak baitziren.
Rave kultura kaletar eta kolektiboak garai hartan izandako garrantzia eztabaidaezina den arren, orduko testuingurua erromantizatzeko akatsean erori ohi garela azaldu du Kattalinek. Izan ere, askeak eta aberasgarriak izanagatik ere, garaiko raveek bazituzten espazioarekin eta testuinguruarekin lotutako hamaika problematika.