‘Stop Making Sense’: Talking Heads taldearen elkartzearen arrazoia eta galdu ezin duzun dokumentala
Joseina Etxeberriak tartea estreinatu du "B Aldea"n. Egun entzuten dugun musikara hobeto ulertzen lagunduko digu musika kazetariak, begirada iraganean jarrita.
Denboraldiko lehen tartea Talking Heads taldeari eskaini dio. Izan ere, talde estatubatuarraren inguruko Stop Making Sense kontzertu-dokumentala berreskuratu dute duela egun batzuk, zintaren 40. urteurrena ospatzeko, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian.
Filmaren premierraren aitzakian, taldekideak elkarrekin ikusi ditugu, banda utzi zutenetik 21 urte igaro diren honetan. Spike Lee zinemagile entzutetsuak gidatutako aurkezpenean, Stop Making Sense grabatu zuteneko anekdoten errepasoa egin zuten taldekideek.
Talking Heads: CBGB, punka eta olatu berria
Bandaren sorrerari dagokionez, 70eko hamarkadako New Yorkera eraman gaitu Joseina Etxeberriak; CBGB musika aretora, hain zuzen ere. Kolaboratzaileak azaldu digunez, Patti Smith, Television, Blondie eta Ramones jaiotzen ikusi zituen dagoeneko punk estatubatuarraren ikono bilakatutako aretoak.
Garai eta leku berean sortu zen Talking Heads, CBGBren orbitan alegia, baina bestelako ezaugarriekin. Bada, aurretik aipatutako bandekin elementu komunak zituzten arren, Talking Heads punketik aldendu eta new wave (olatu berria) delakoaren aitzindari gisa egin zen ezagun.
'Stop Making Sense': non eta zergatik ikusi
Etxeberriaren hitzetan, Stop Making Sense filma galdu ezin duzun pieza horietako bat da, ez soilik taldearen omenaldi landua delako, baizik eta piezak berak duen ikus-entzunezko kalitate eztabaidaezinagatik.
Jonathan Demme zinemagileak (Philadelphia, The Silence of the Lambs) zuzendu zuen zinta, 1983ko abenduan, Los Angelesen. Bertan, lau egunetan grabatutako kontzertu bereziaz goza daiteke. Bandaren abesti ezagunenak jotzen dituzte Talking Headseko lau kideek (David Byrne, Chris Frantz, Tina Weymouth eta Jerry Harrison), afroamerikar musikari gonbidatuekin.