Carolina Durante: “Disko bat egiteko asmoarekin elkartu gara estreinakoz, aurreko guztia frenetikoa izan zen”
Carolina Duranteko Mario Del Valle "B Aldea"n izan da, 'Cuatro chavales' izeneko diskoa aurkezten. Euskal Herrian bi kontzertu emango dituztela aprobetxatuta, gurean izan da madrildar laukoteko gitarrajolea.
Pandemia aurreko bapateko arrakastaren ajeak hausnarketarako bidea ireki ziela aitortu du Del Vallek, eta egun "perspektiba eta heldutasun gehiagorekin" lan egiten dutela azaldu.
Hasierako urrats horiei buruz galdetuta, Carolina Duranteko kideak adierazi du lehen diskoko soinuarekin kalitatearekin gelditutako arantza bigarren honekin erabat atera dutela. Lan egiteko modua ere oso bestelakoa izan da disko honetan; izan ere, pandemia aurreko "aro frenetikoa" alde batera utzi eta "disko bat egiteko asmoarekin" elkartu dira estreinakoz.
Euskal Herriko publikoaz galdetuta, zalego sutsua dutela erantzun du elkarrizketatuak. Bada, gurean izan diren guztietan erantzuna "eroa" izan dela gaineratu du.
Bitxikeria gisa, Hego Amerikan zale asko dituzten arren, letretako hainbat erreferentzia madrildar ulertzen ez dituztela kontatu dio Mario Del Vallek Julen Idigorasi.