Zartagi hawaiiarretik Fenderren Stratocasterrera: gitarra elektrikoaren historia, urratsez urrats

Gitarra elektrikoaren historiaz aritu da Lorea Argarate, "B Aldea"n. XX. mende hasieratik gaur egunera arteko ibilbide musikala, egun ezinbestekoa den musika tresnaren bilakaeran barrena.
Sister Rosetta Tharpe
18:00 - 20:00
Zartagi hawaiiarretik Fenderren Stratocasterrera: gitarra elektrikoaren historia, urratsez urrats

Egungo musika entzutean pentsaezina zaigun arren, gitarra elektrikoa ez da beti gure artean izan. Lorea Argarate musika tresnaren historiaz aritu da "B Aldea"n.

XX. mende hasierako jazz taldeetan, gitarren soinuak indarra galtzen zuen haizezko tresna handien aurrean. Gabezia hori erantzun nahian, gitarrak ozenago entzuteko esperimentuak egiten hasi ziren.

Batetik, zurezko gitarrei metalez egindako piezak eransten hasi ziren musikari estatubatuarrak, soinua bost aldiz altuago ateratzeko gai ziren lehen prototipoak sortuz.

Bestetik, 30eko hamarkadaren hasieran, zartagi gitarra (frying pan) bezala ezagutzen den instrumentua sortu zuten, hawaiiar folkloreko gitarra klasikoan oinarrituta. Gorputz osoa metalez egin zuten, eta pastilla elektromagnetiko bat erantsi. Hura izan zen, ofizialki, zerotik sortutako lehen musika tresna elektrikoa. Bideoan ikus daitekeenaren antzeko forma zuen.

Gerora, Gibson enpresaren gitarra ospetsuak iritsi ziren. ES150 izan zen lehen modeloa, espainiar gitarraren gorputzarekin eta pastilla elektrikoekin. Bitxikeria gisa, izenaren "ES" letrak electric spanish (espainiar elektrikoa) hitzetatik datozela azaldu du Argaratek.1950ean iritsi zen Fender etxearen Stratocaster modeloa, rock & rollaren historiako ikono popularrena. Eta orduan hasi ziren soinua gehiago anplifikatzeko modua bilatzen. Bozgorailu elektrikoak existitzen ez ziren garaietan, plaza handietan kontzertuak eman ahal izateko gailuak sortzen hasi ziren.Rockaren historian mugarria izan zen kontzertua ekarri digu Loreak: 1965ean The Beatlesek New Yorkeko Shea Stadiumen eman zuten zuzenekoa. Musika talde batek estadio batean emandako lehen kontzertua izan zen, eta altabozik gabe musika publiko sutsuari helaraztea lortu zuen talde britainiarrak. Nola? Anplifikadore erraldoiak erabilita.

Gailu elektriko honen historia borobiltzeko, egun ematen zaion erabilera anitzari buruz aritu da "B Aldea"ko kolaboratzailea. Berrikuntza teknologikoez, anplifikadoreek aurten ematen dituzten aukera mugagabeez eta musika elektronikoaz mintzatzen bukatu du bere tartea.