Zinemaldian galduko ez ditugun bost film
Irailaren 18tik 26ra, Donostiak 74. Zinemaldia hartuko du. Euskal zinea, nazioartekoa, beste jaialdi batzuetan saritutako piezak eta estreinuak ikusiko ditugu hiriko zinema aretoetan.
Zinearen festa handia ate joka dugun honetan, aurten galduko ez ditugun filmen zerrenda osatu dugu Gaztean.
Azken Agurra
Koldo Almandoz zuzendariaren hirugarren film luzea Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatuko dute, lehiatik kanpo.
EITBren partehartzea duen “dramedia existentzialista” honetan, Iñigo Azpitarte eta Izaro Nieto dira protagonistak, hileta laikoen enpresa baten jabea eta horren bulegoan praktikak egiten dituen neska gaztea. Bizitza, heriotza, izatearen zentzua eta umorea, euskaraz sortutako filmean.
Club Kid
Hiriko underground eszenako festarik arrakastatsuenak antolatzen dituen mutil gazteak sekulako ezustekoa jasoko du: hamar urteko ume batek atea jo eta bere semea dela esango dio. Espero gabe, aita da, egun batetik bestera.
Guraso queerrak, maitasuna, identitatea, aitatasuna… Horiek dira Jordan Firstman estatubatuar influencer, idazle, gidoigile eta zinemagile ezagunaren lehen film luzeko osagaiak.
Zuzentzeaz gain, Firstman zintako protagonista izango da, Cara Delevigne, Diego Calva eta Reggie Absolomekin batera.
Teenage Sex and Death at Camp Miasma
Zuzendari gazte batek Camp Miasma deituriko beldurrezko pelikula txarren frankizia berpizteko enkargua jasoko du. Erronka onartuta, 80ko hamarkadako aktore bitxi batekin egingo du topo. Sexua, desioa, slasher klasikoari omenaldi bat eta odola, odol asko.
Jane Schoenbrun da filmaren zuzendaria, eta Hacks telesailean agertzen den Hannah Einbinder da istorio honetako protagonistetako bat, Gillian Anderson aktore entzutetsuarekin batera.
Ceniza en la boca
Lucila eta Diego neba-arreba mexikarrak Madrilera doaz, duela zortzi urte bertara lanera joandako amarekin elkartzeko. Iristean, errealitatearekin gordinarekin egingo dute topo: herrimina, prekarietatea eta hasiera berrien nekea.
Diego Luna mexikarrak zuzenduta, Brenda Navarrok idatzitako nobela homonimoaren zinemarako adaptazioa da. Bidaia zirkular baten murgilduko gaitu, migrazioaren erpinetan geldituta, une intimo eta gozagarriz betetako kontakizunean.
La Bola Negra
Javier Ambrossi eta Javier Calvoren film berriak zuzendaritza onenaren Urrezko Palma eraman du Cannesen.
Frankistek fusilatu ostean, 'La Bola Negra’ izeneko liburuaren lehen orriak aurkitu zituzten Federico García Lorcaren etxean. Testu horietatik abiatuta, hiru belaunaldi desberdinetan kokatutako hiru protagonista lotuko ditu filmak, Guitarricadelafuente musikariaren pantaila handiko debutean.
Gainera, Miguel Bernardeau, Carlos González, Milo Quifes, Lola Dueñas, Penélope Cruz eta Glenn Closen lanaz gozatzeko aukera izango dugu ‘La Bola Negra’n.