IDOIA eta Aitziber Garmendiak estreinatu dute ‘Linbo’, ikus-entzuleen harrera beroarekin

Estreinatu da ‘Linbo’, Hiru Damatxok ETBrentzat sortutako 'late night' saioa. Ordubeteko tartean, umorea, musika eta kolaboratzaile festa galanta eskaini dute.
Aitziber Grados 'Linbo'

Bart estreinatu da ‘Linbo’, ETB1eko late night saio berria. Aitziber Gradosek aurkeztuta, IDOIA eta Aitziber Garmendia gonbidatuak hartu dituzte programaren lehen atalean.

Aurkezpenaren ostean, saioko lehen minutuetan, iritsi da Aitziber Garmendia aktorearen elkarrizketa. Aktoreak Jon Plazaolarekin duen ‘Arizona’ antzezlana eta grabatzen aritu den ‘Muertos SL’ telesaila izan ditu hizpide.

Gainera, oholtza bat zapaldu zuen lehen aldietako bat ekarri dute gogora: 1994an, eskolarteko bertso txapelketa batean bertsotan egin zueneko irudiak jarri dizkiote Aitziber Garmendiari. Bideoaren aitzakian, umetako pare bat istorio kontatu digu gonbidatuak ‘Linbo’n, eta duen dohain berezi bat erakutsi du: hula hoopa dantzatu du, galderak erantzuten zituen bitartean.

Elkarrizketa bukatzeko, Ander Maldibi kolaboratzailea batu zaie, eta Nahiko Plof aldizkaria eskuetan, Gipuzkoartasun test bat egin diote Aitziber Gradosi.

Lehen entrebistaren atzetik etorri da Maria Blanco kolaboratzailea, sekulako sarrerarekin: Bad Bunnyren "Nueva Yol" dantzatu du, dantzari baten laguntzarekin. Sexuaz eta gizonek sexu harremanetan duten jarreraz aritu da Blanco.

Saioaren erdialdera iritsi da IDOIAren txanda. De amar y desandar diskoak eman dion guztia kontatu ditu aramaioar artistak, inguruan duen sarea goraipatuz. Sareak aipatu dituela aprobetxatuta, hainbat sare motaren artean aukeratzeko eskatu diote musikariari. Solasaldia bukatuta, Pedro Infanteren “Cielito Lindo” abestiaren bertsio ederra kantatu du IDOIAk, zuzenean.

Danel Galdaera umoregilearen eskutik bukatu du saioa Aitziber Gradosek. Aurrerantzean gerta daitezkeen hartu-eman desatseginak ensaiatzeko, inoizko gonbidaturik okerrenaren paperean sartu da Danel.