Ostegun honetan estreinatuko da ‘Linbo’ gazteentzako umore saioa, ETB1en

Aitziber Garmendia eta IDOIA izango dira Euskal Telebistako saio berriko lehen gonbidatuak. Aitziber Gradosek aurkeztuta, 22:25ean ekingo diote lehen atalari.

Ostegun honetan (apirilak 24) estreinatuko da ‘Linbo’ izeneko saio berria, ETB1en. Aitziber Gradosek aurkeztuta, umorez blaitutako late night saioa ostegunero izango da ikusgai, 22:25etik aurrera.

Gogoz ekingo diote lehen atalari, luxuzko gonbidatuekin. Bada, Aitziber Garmendia aktorea eta IDOIA musikaria eseriko dira ‘Linbo’ko sofan. Aitziber Grados eta Flako Fonkik ('Linbo'ko lantaldeko kidea) 'Benetan Zabiz?' podcastean aurreratu dutenez, "Euskal Herriak behar duenaren bidetik" joango da saioa, eta sekulako giroa izan dute dagoeneko grabatu dituzten entseguetan.

Asteroko bi elkarrizketez gain, ‘Linbo’n ez da kolaboratzailerik faltako. Dozena bat umoregile igaroko dira saiotik; tartean, Danel Galdaera, Maria Blanco, Ander Maldabi eta Maialen Sorzabalbere.

‘Linbo’ ostegunetan izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Gainera, saioko unerik garrantzitsuenak Gaztearen YouTubeko kanalean ikusteko aukera izango da, nahieran.