Txopet, 2022ko Maketa Lehiaketaren irabazlea
Txopet da 2022ko Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazlea, Jimmy Jazz aretoan eskaini duen emanaldiari esker.
21:00ak aldera aurtengo finalistak oholtza gainera igo dira euren kantuak abestera. Xander, Ttiritt, Txopet eta Ithaka artistek bertara gerturatu den jendeari euren % 100 erakutsi diete, eta pasioz aritu dira gehien gustatzen zaiena egiten: musika.
Ttiritt izan da 2022ko final handia ireki duen artista. Lagun baten konpainiaz, aretoa girotu du eta berehala jarri du publikoa saltoka.
Atzetik, Txopet hirukote bilbotarra. Euren emanaldia hitz bakar batean laburbildu beharko balitz, energia izango litzateke hitz egokiena.
Xander izan da hirugarren protagonista. 16 urteko musikaria ez da gelditu eszenatokian, eta publikoak ere hala egin du. Hyperpop estiloari esker, Jimmy Jazzera gerturatu den orok mugitu du eskeletoa.
Azkenik, Ithaka taldeak ezinhobe amaitu du gaua. Entzuleen Saria irabazi dute, eta hori argi egon da gaurkoan, alegia, ikusleen artean jarraitzaile sutsuak izan dituzte.