“Esku Burdin”, “eman abisua”, “lilili”, “Mugaz Gaindi” eta “Hileta Kantu Nafarra”, bideoklip onenaren Gaztea Saria jasotzeko hautagaiak

J Martina, Olaia Inziarte, Merina Gris, Mirua eta ZETAKen bideoak hautatu ditu Gazteako epaimahaiak. Martxoaren 6an ezagutuko dugu irabazlea, Euskalduna Bilbaoko sari banaketan.
Gaztea Sariak: bideoklip onena

2024ak ikus-entzunezkoan utzitako altxorrak bilduta, Gazteako epaimahaiak J Martinaren “Esku Burdin”, Olaia Inziarteren “eman abisua”, Merina Grisen “lilili”, Miruaren “Mugaz Gaindi” eta ZETAKen “Hileta Kantu Nafarra” nabarmendu ditu.

Garaikurra martxoaren 6an banatuko da, Euskalduna Bilbaon antolatutako festa handianAinhoa Vitoria eta Sara Alonso Gazteako “Bitan” saioko kideek aurkeztuko dute gala. Bertan ikusiko ditugun emanaldietako protagonisten izenak jakiteko itxaron beharko den arren, Gaztean egunero entzuten ditugun musikariak izango dira festa musikatzeko arduradunak. Gainera, inoiz baino zuzeneko gehiago izango direla aurreratu dezakegu

J Martinaren “Esku Burdin”

Ximon Agirrek zuzendu du amesgaizto itxura duen “Esku Burdin” kantaren bideoa. J Martinaren Negu Gorri diskoko lehen singlea izan zen, eta iazko martxoan kaleratu zuten. Zuri beltzezko mundu oniriko horretan murgilduta ezagutu genuen aurten asko entzun dugun abestia.

Olaia Inziarteren “eman abisua”

Ia bi urteko isilunearen atzetik, nafar artista indarberrituta agertu da 2024 bukaeran. Zerrautsa diskoko lehen singlea izan zen “eman abisua”, zetorrenaren erakusle argia.

Barneko ilunak onartuta, zaldiak askatzeko deia da kanta. Ane Berriotxoak zuzendu du pieza, eta Maitane Camposek egin dizkio kanta honetako zein diskoko argazkiak.

Merina Grisen “lilili”

Donostiar hirukoak duela urtebete kaleratu zuen kanta, ZULOA bigarren bildumaren aurrerapen gisa. Cosmic Tree ekoiztetxeak zuzendutako bideoan, Aitana Batres eta Patrick Criado sonadun aktoreek harreman erromantiko baten amaiera gorpuzten dute.

Galerari, hutsak eragiten duen hotzari eta harreman baten amaiera den istorio unibertsal bezain errepikaezinari kantatzen diote.

Miruaren “Mugaz Gaindi”

Euren lan berrirako “hizkuntza berri bat” asmatzeko erronka du tolosar taldeak. Erakutsi diguten lehen ale honetan, sorterriko folklorea omendu dute, Tolosako erraldoien eta Oier Gastesi bordon dantzariaren bitartez.

Taldeko Mattinek zuzendu du pieza, arriguri bizkaitarren argazki zuzendaritzaz baliatuta.

ZETAKen “Hileta Kantu Nafarra”

Maixux Zugarramurdi eta Pello Reparaz dira bideoklipeko protagonista nagusiak, eta atzean ageri dira ZETAK osatzen duten musikariak. Nafar bandaren estetikaren ildotik, soila bezain indartsua da “Hileta Kantu Nafarra”ren klipa.

Reparazek berak zuzendu du bideoa, Julen Arregiren argazki zuzendaritza eta Mugaren ekoizpenarekin.