Sareetan ikusia: Zeledon eta Fermin Mugurzuna “Sarri Sarri” abesten eta Tokischak Donostian igarotako egunak

Andre Maria Zuriaren jaietan jo du Fermin Muguruzak, eta Zeledon gonbidatu du oholtzara. Elkarrekin kantatzeaz gain, arrazakeriaren kontrako mezu bat zabaldu dute.
Fermin Muguruza 40 urteko ibilbidea ospatzeko biran

Abuztuan sartzearekin batera hasi dira gure hiriburuetako jaiak. Sanferminak eta Baionako festak atzean utzita, Gasteizeko Andre Maria Zuriaren txanda heldu da asteon.

Bertan, Fermin Muguruzak kontzertua eskaini du, bere 40. urteurrena ospatzeko sortutako bira bereziaren baitan.

Azken lau hamarkadetako abestiak kantatzeaz gain, une eder bat oparitu digu Muguruzak: Zeledon gonbidatu du oholtza gainera, eta “Sarri Sarri” abestu dute elkarrekin.

Aurretik, Iñaki Kerejazuk (Zeledon), Gasteizeko jaietako zapia jantzi dio irundar musikariari eta arrazakeriaren kontrako mezua bota du publikoaren aurrean: “Gasteiz guztiok egiten dugu, Gasteiz anitza da eta edozein jatorrik egiten du Gasteiz. Gasteizen bizi garenok egiten dugu gure herria. Gora Gasteiz anitza! Gora gu eta gutarrak”.

Tokischaren opor gipuzkoarrak

Beste alde batetik, nazioarteko artista baten bisita jaso dugu asteon gurean: Tokischa dominikar artista Donostia eta inguruetan izan da, hiru egunez. Sare sozialetan ikusi dugunez, Pasai Donibaneko bista zoragarriez gozatu du eta bertako Casa Cámara jatetxeko gutiziak probatu ditu.

Dominikar artistak 2018an atera zituen bere lehen abestiak, eta 2021an ezagutu genuen Gaztean, Rosalíarekin elkarlanean kaleratutako “Linda” abestiaren arrakasta tarteko.