Sareetan ikusia: ETSren lehen kontzertu erraldoia, look aldaketak eta ‘sold out’ak Euskal Herriko aretoetan

Leire Martinez musikariak look aldaketa batekin iragarri du bere aro berria. ETSk Bizkaia Arena bete du, ‘20 urte Zure Eskutik’ kontzertu sortako lehena. Areto txikiagoek ere eskegi dute ‘sarrerarik gabe’ kartela, TOC eta Merina Grisen kontzertuekin.

Ohiko legez, asteburuak hainbat lerroburu utzi dizkigu sare sozialetan. Kontzertuei dagokienez, ETSk ’20 urte Zure Eskutik’ kontzertu sortako lehena eman du Bizkaia Arenan (BEC!) eta TOC eta Merina Gris bandek Donostiako Dabadaba eta Bilboko Kafe Antzokia aretoak bete dituzte, hurrenez hurren.

Martxoaren 22rako prestatutako ’20 urte Zure Eskutik’ kontzertu bereziaren sarrerak minutu gutxian agortu ostean, ETSk beste bi zuzeneko iragarri zituen, 2024ko abenduan. Asteburu honetan iritsi da kontzertu hirukoitzeko lehena, eta irudi hunkigarriak utzi ditu.

Lepo betetako Bizkaia Arenan, erdigunean pasabidea zuen oholtza ikusgarrira agertu ziren ETSko kideak. Bi ordu eta erditik gorako ikuskizunean, gonbidatu festa batu zen arabar bandaren kontzertu berezira.  ZETAK, Dupla, Betagarri, Joselu Anaiak, dantzariak eta Maddalen Arzallus eta Jon Maia bertsolariak ikusi genituen Bizkaia Arenako oholtza astintzen, ETSrekin batera, 15.000 lagunen aurrean.

TOC eta Merina Gris, etxean profeta

Guretik atera gabe, TOC mungiarrek eta Merina Gris donostiarrek Dabadaba eta Kafe Antzokia bete zituzten ostiralean. Jaioteak Hiltea Zor izeneko bigarren diskoa aurkeztu zuten bizkaitarrek, Armosu talde gonbidatuarekin.

Merina Grisek, ostera, Bilboko Kafe Antzokia bete zuen, Zuloa diskoaren aurkezpen birako hirugarren datan. SUAVE bilbotar ekoizleak ireki zuen gaua, ikus-entzunezko proposamen landuarekin. Gero, oihu eta txalo artean agertu zen donostiar banda oholtzara, eta hala joan zen ordu eta laurden inguruko ikuskizuna, errepertorioa goitik behera zekien publikoaren kantu artean.

IZARO eta Olaia Inziarteren elkarlana

Astelehen goizarekin iritsi zaigu eskuartera “Saldu genizun”, IZARO eta Olaia Inziarteren arteko elkarlana. “Maitasuna eta erresilientziari eginiko poema txiki” gisa definitu dute kanta, eta Julen Arregi Milikuak zuzendutako bideoarekin aurkeztu digute.

cerodenero bira bukaeraren opari gisa, miresten duen jendeari eginiko kantu bilduma bat osatzen ari da IZARO. Besteak iritsi bitartean, badugu bi kantarien arteko kolaborazioa zuzenean entzuteko hitzordua: maiatzaren 31n, cerodenero biraren amaiera kontzertuan.

'Saldu genizun': Olaia Inziarte eta IZARO, elkarrekin

Proiektu berriei, look berriak

Leire Martinezek itxura aldaketa batekin harritu gaitu asteburuan. Gorriz tindatu du ilea, laster abiatuko duen bakarkako proiektuaren aurrekari gisa. Izan ere, La Oreja de Van Goghetik atera ostean, bakarkako lehen singlean lanean ari dela berretsi dute hainbat aldizkarik.