Esne Beltzaren azken kontzertua: otsailaren 1ean, Bilbao Arenan eta lagunez inguratuta

Fermin Muguruza, La Pegatina, Chambao eta El Canijo de Jerezen konpainian igoko dira oholtzara. Sarrerak irailaren 17an jarriko dira salgai.
Esne Beltza
Esne Beltza

Esne Beltzak 'Azken jaia' deitu duten kontzertu bereziko xehetasunak eman ditu: 2025eko otsailaren 1ean izango da, Bilbao Arenan, eta Fermin Muguruza, La Pegatina, Chambao eta El Canijo de Jerez izango ditu lagun.

Aipatutako gonbidatuez gain, gehiago ere izango dira, Moro Bad Sound, Pini, Juantxo Arakama, Gorka Suaia, Endika eta Maisha (121 Krew), Amak, Flavio, Xiberoots, Kimua Dantza Kolektiboa, Green Valley eta La Pucci, besteak beste.

Horrela azaldu dute taldekideek, sare sozialetan egindako argitalpenean: "Esne Beltza familia bat da, hori aldarrikatu dugu urte luzez, eta familia horrekin egingo dugu azken festa Bilbon, musikari lagunak gonbidatuko ditugu jai horretara, eta gure zaleei bertaratzeko dei egiten diegu".

"Festa bat izan zen gure hasiera, eta festa bat izango da bukaera, denik eta alaiena. Aldarrikapenak ahantzi gabe, alaitasuna borroka tresna bezala erabili dugulako hasiera beretik", adierazi du taldeak. Sarrerak irailaren 17an jarriko dituzte eskuragarri, hemen.

2023ko neguan iragarri zuten taldearen despedida, eta ordutik zuzenekoak eman dituzte, 16 urteko ibilbidean etxe sentitu dituzten Euskal Herriko plazak behar bezala agurtzen.