Oasisen itzulera: Gallagher anaien arteko tirabirak eta bueltaren zergatia

Gallagher anaiak bueltan dira, 15 urte eta gero. 2025ean itzuliko dira oholtza gainera, Erresuma Batuan eta Irlandan emango dituzten hamalau kontzerturekin.
Oasis
Oasis. Argazkia: Jill Furmanovsky

Oasis taldea bueltan da, 2009an jotzeari utzi eta 15 urte igaro diren honetan. Berriak mundua eta sare sozialak aztoratu ditu, itzuleraren zurrumurrua gero eta ozenago entzuten zen arren, askorentzat pentsaezina baitzen Noel eta Liam Gallagher anaiak berriro elkartu eta musika egiten jarraitzea.

Albisteak sortu duen zalapartaren harira, Oasisen bukaeraren inguruko hainbat datu bildu ditugu, britpoparen olatua harrapatu ez zuten Z belaunaldiko kideei testuinguruaren berri emateko.

2009ko abuztua Parisen

2009ko abuztuaren 28an (itzulera birako kontzertu zerrenda iragarri duten egunean bertan), Oasis taldea Rock en Seine jaialdian jotzekoa zen. Ordu batzuk lehenago, baina, euren arteko urteetako liskarrek eztanda egin zuten.

Honela kontatu zuen Noel Gallagherrek Esquire aldizkarian: "Liam aldagelatik atera zen, kitarra eskuan zuela, eta airean mugitzen hasi zen, aizkora bat balitz bezala, ia-ia aurpegia zauritzera iritsi arte. Lekuz kanpoko jarrera biolentoa izan zuen".

Zuzenekoa hasi baino minutu batzuk lehenago, honako mezua jarri zuten musika jaialdiko pantaila erraldoietan: "Bandan gertatutako liskar bat tarteko, Oasisen kontzertua bertan behera gelditu da".

Une horretan erabaki zuen Noelek Oasis uztea, baita anaiarekin zuen harremana denbora luze baterako moztea. Hala ere, taldekideak maiz azaldu duenez, anaien arteko arazoak 90ko hamarkadan hasi ziren, bandaren hasierarekin batera, eta horietako askotan eraso fisikoak jazo ziren.

Itzuleraren zergatiaOrdutik, elkarrekin igarotako uneak bi eskuekin zenbatu daitezkeela adierazi dute bi anaiek. Hala ere, 2025ko udan bira bat ematea erabaki dute. Zergatik? Gustu eta kolore guztietako hipotesiak idatzi diren arren, denek dute abiapuntu bera: dirua.Bada, bi anaiek bakarkako ibilbideari ekitea erabaki zuten arren, euren ibilbide profesionalaren bilakaera apala izan da.Itzulerarekin, ostera, Erresuma Batuko medioek honakoa aurreikusi dute: Oasisen bueltak 470 milioi eurotik goragoko irabaziak ekarriko ditu.