ZETAK, Merina Gris, Ibil Bedi, Neomak eta Ben Yart dira artista onenerako bost izendatuak
ZETAK, Merina Gris, Ibil Bedi, Neomak eta Ben Yart dira 2024ko Gaztea Sarietako artista edo talde onenaren kategoriako bost izendatuak. Otsailaren 29an banatuko dira garaikurrak, Bilboko Euskalduna Urban Hallen.
AAZTIYEN diskoaren argitalpenarekin itxi dute urtea ZETAKeko kideek. Urtea lanean buru-belarri igaro ostean, esku artean dugu lana eta laster izango dugu zuzenean gozatzeko aukera. Ohi bezala, modu bitxian egin dute euren lan luzearen salmenta. Izan ere, diskoa atera baino hiru hilabete lehenago, Arbizuko biztanleek mezu hau jaso zute: "Aatsaldion! Iyendiontan Arbizun ZETAK-en hiru kanta berri aaitzia nehi ttubenak, agertu daallela 20:30 ten plazan. Besarkadaat!». Plazara bete zutenek disko berriko hiru kanta entzun zituzten, esklusiban, kaskoak jantzita. Herrikideen erantzun jendetsua ikusita, bi pase egin zituzten.
Plazaz plaza eman dute urtea Merina Griseko kideek. Euskal Herrian, espainiar Estatuan eta nazioartean ibili dira, Zerua Orain estreinako diskoaren uzta jasotzen. Urtea errepidean igaro duten arren, eman digute hariari eusteko materiala. 2023an "Nadie Cuando Lloro" (Hoferekin elkarlanean) singlea eta "ALMAR"en bertsioa plazaratu dituzte, Delaporteko Sandraren kolaborazioarekin.
Neomakek 2022an kaleratu zuen lehen diskoa eta ordutik ez dira oholtza gainetik jaitsi. Eukal Herrian soilik ez eta Asian barrena aurkeztu dute Neomak diskoa, Sua taldearekin batera Japonia eta Korean egindako biran. Gainera, "AIOIAI" singlearekin eta honen bideoklip ikusgarriarekin gozatu digute 2023a.