Grammy Sariak: Taylor Swiften errekorra, 'Flowers'en arrakasta eta Dua Liparen hit berria
Bart ospatu da Grammy Sarien 66. edizioa, Los Angeleseko (Kalifornia) Crypto.com Arena estadioan. Taylor Swift, Miley Cyrus, Karol G, SZA, Victoria Monét eta boygenius izan dira gaueko protagonista nagusiak.
Swiften Midnightsek urteko diskoaren garaikurra eraman du. Laugarrenez jaso du artistak disko onenaren saria, Grammy Sarietako errekorra hautsiz.
Bestalde, pop disko bokal onenaren saria eraman du Swiftek. Akademiaren aitortzaz gain, gaueko titularra eraman du artistak: apirilaren 19an The Tortured Poets Department izeneko diskoa kaleratu duela iragarri du. Bi minutu igarota, Swiften sare sozialetan ikusi dugu bere hamaikagarren diskoa izango denaren azala.
Miley Cyrusek ere eraman ditu bi sari, biak Flowers abestiari esker: urteko grabaketarena eta bakarlari baten pop interpretazio onenarena.
Galako zuzenekoek ere eman dute zeresana. Arrakastatsuenen artean, Dua Liparen single berriaren aurkezpena. Musikariak Training Season izeneko kanta aurkeztu du oholtzan, dantzariz inguratuta, primizian (otsailaren 7an estreinatuko du).
Julien Baker, Phoebe Bridgers eta Lucy Dacusek osatutako boygenius hirukoak bere ibilbideko lehen hiru Grammyak (album alternatiborik onena, rock interpretaziorik onena eta rock abestirik onena) eraman ditu etxera.
Izendapen gehien jaso dituztenen zerrenda ixteko, SZA eta Karol G. Lehenak zituen bederatzi izendapenetatik lau bereganatu ditu (R&B progresibo disko onena eta R&B kanta onenarena tarteko).
Bigarrenak bere lehen grammy estatubatuarra eraman du etxera, musika urbanoko disko onenarena, Mañana será bonito albumari esker. Historikoa izan da Karol G-ren garaipena, kategoria honetan saria eraman duen lehen emakumea baita.