2025erako hirugarren data bat iragarri du ETSk, 30.000 sarrera saldu ostean
Aurreko bietako sarrerak ordu gutxitan bukatu ostean, ETS taldeak 2025eko hirugarren data bat iragarri du: martxoaren 15a, BEC!en.
Sei orduan saldu zituzten "20 urte ZURE ESKUTIK' jairako tiketak, eta lau orduren bueltan aurreko eguneko kontzertukoak. Orotara, 30.000 sarrera saldu dituzte dagoeneko.
Hirugarren datarako tiketak salgai daude dagoeneko, eta taldeak beste datarik egongo ez dela aurreratu du sare sozialetan.
Martxoaren 22ko jaia
Taldekideek adierazi dutenez, BECa betetzea da "betetzeko duten azken ametsa". Hala azaldu dute gaur plazaratutako prentsa oharrean: "Gure zaleek esperientzia berezi bat merezi dute eta horregatik pentsatu dugu ekitaldi historiko hau egitea. Urtebete dugu lana aurrera eramateko eta badakigu gure ibilbidean mugarria izango dela martxoaren 22koa".
Hamaika jarduera izango dira egunean zehar eta kontzertu batekin bukatuko dute eguna. Taldeak aurreratu duenez, aipatutako jarduerez gain, gonbidatutako taldeak izango dira taula gainean.
BECera gerturatzeko autobus zerbitzu berezia izango da Altsasu, Zornotza, Arrasate, Azkitrian, Azpeitia, Bakio, Beasain, Bermeo, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gernika, Irun, Iruñea, Lizarra, Oñati, Tafalla, Tolosa, Gasteiz eta Zarautzetik joan etorriak-egiteko.