Zatoz Maketa Lehiaketako finalera, Sala BBK aretora
Gaur aratsaldean izango da Maketa Lehiaketaren final handia, Bilboko Sala BBK aretoan. Bertan lehiatuko dira Itzek, Ganibet, Enbata Lorade eta Zilibito Records, aurtengo lau finalistak.
17:00etan abiatuko dugu finala, Sala BBKtik bertatik egingo dugun "Gu" saio bereziarekin. Bertatik igaroko dira finalistak, epaimahaikideak eta saioko ohiko kolaboratzaileak.
Gero, 20:00etan, oholtzara igaro eta musikak hartuko du aretoa, Ainhoa Vitoriak aurkeztutako ekitaldian. Lau finalistek zuzenekoak eskainiko dituzte, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiaren aurrean.
Lau kontzertuak entzunda eta epaimahaiaren balorazioa jasota, 2023ko Maketa Lehiaketaren irabazlearen izena jakingo dugu, baita Harrobia Saria (Oso Polita ekoiztetxearekin EP bat grabatzeko aukera) eramango duenarena ere. Gainera, Enbata Lorade taldeak GAZ Saria (2.500 euro) jasoko du, Gazteako ikus-entzuleek hala erabakita.
"Gu" saio berezirako zein Maketa Lehiaketako finalerako sarbidea librea izango da. Bertaratzerik ez dutenek, nolanahi ere, streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Gaztearen webgunean eta YouTube kanalean.
Ezagutu finalistak
Mungiarrak dira Nekane Otazua, June Aresti eta Antton Elorriaga, Itzek taldeko hiru kideak. Duela urtebete hasi ziren elkarrekin musika egiten, eta hainbat kontzertu eman dituzte dagoeneko. Abesti bakarra publikatu dute: "Nartziso".