Maketa Lehiaketa: azken orduak gustuko artista edo taldearen aldeko botoa emateko

Ezagutu epaimahaiak aukeratutako 20 hautagaiak. Urriaren 30ean bukatuko da bozketa fasea.
Maketa Lehiaketa.
Maketa Lehiaketa

Badugu Maketa Lehiaketan parte hartuko duten hogei hautagaien zerrenda. Aurten jasotako 200 maketatik gora entzunda, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu partaideak.

Xarrieta eta Txuso, Zilibito Records, Ganibet, Sukena, Bikabi, Deñe, Majada, AntFactory, Ttaka, Edgar Allan Pop, Oihana Maitakor, Alai, Enbata Lorade, Puntu Takoma (ft. Naxker), Itzek, Lilo, RIG3L, Irla, Haizkan eta Ilargik lortu dute bozketa fasera igarotzea. Ezagutu hemen aurtengo 20 hautagaiak.

BOZKATU HEMEN

Orain, publikoarena da hitza. Urriaren 30era bitarte, gustuko banda edo bakarlariaren aldeko botoa emateko aukera izango duzue, Maketa Lehiaketaren webgunean.

Bozak zenbatuta, azaroaren 16ko final handian lehiatuko den lehen talde edo bakarlariaren izena jakingo dugu. Beste finalisten aukeraketa, ordea, epaimahaikideen esku geldituko da.

Sariak 

Maketa Lehiaketaren finalera iristen diren musikariek hiru sari eskuratzeko aukera izango dute.

Alde batetik, Epaimahaiaren Saria: 5.000 euro eta 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Epaimahaikideek finaleko zuzeneko emanaldian erabakiko dute nori emango dioten lehiaketako sari potoloa.

Bestetik, GAZ Saria (entzuleen saria): 2.500 euro. Sari hau Gazteako ikus-entzuleek erabakiko dute, webguneko bozketan. 

Azkenik, Harrobia Saria eskuratu ahal izango dute partaideek. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.