200 abestitik gora jasota, itxi dugu Maketa Lehiaketan izena emateko epea
Izena emateko epea ireki eta hilabetera, dagoeneko baditugu aurtengo Maketa Lehiaketako partaideen abesti guztiak. Orotara, 200 maketatik gora jaso ditugu.
Datorren urriaren 23an abiatuko da bozketa fasea, eta astebete iraungo du, urriaren 30era arte.
Hortik aterako da finalera igaroko den lehen talde edo bakarlaria, eta epaimahaikideen esku geldituko da beste finalisten hautaketa.
Azkenik, final handian jakingo dira irabazleen izenak. Aurten, Bilboko Sala BBKn izango da, azaroaren 16an.
Sariak
Maketa Lehiaketaren finalera iristen diren musikariek hiru sari eskuratzeko aukera izango dute.
Alde batetik, Epaimahaiaren Saria: 5.000 euro eta 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Epaimahaikideek finaleko zuzeneko emanaldian erabakiko dute nori emango dioten lehiaketako sari potoloa.
Bestetik, GAZ Saria (entzuleen saria): 2.500 euro. Sari hau Gazteako ikus-entzuleek erabakiko dute, webguneko bozketan.
Azkenik, Harrobia Saria eskuratu ahal izango dute partaideek. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.