Asteko nobedadeak: ZETAK eta Suu, Bad Bunnyren bideoklipeko kameoak eta Rigoberta Bandiniren itzulera
Asteburua hurbildu ahala, entzuteko eta ikusteko eduki musikalak pilatu zaizkigu Gazteako erredakzioan. Gurean, ZETAKen kolaborazio berria eta Sara Zozayaren aurrerapen kanta berria; nazioartean, Bad Bunnyren "Where She Goes" eta Foo Fightersek Taylor Hawkinsen heriotzaren ostean plazaratutako lehen kanta.
ZETAK eta Suu, "Pa amb Oli I Sal"en bertsioarekin
ZETAKek Blaumunt taldearen "Pa amb Oli I Sal" abestiaren bertsioa kaleratu du ostegun honetan, Suu artista kataluniarrarekin. Elektronika, house eta pop doinuak nahastuta, katalanez abesten entzun dugu arbizuarra.
"Itzulera" eta "Zoriontasuna (La vida es de verdad)"en ostetik, nafar taldeak kolaborazioaren bideari ekitea erabaki dio. Oraingo honetan ere abestia ez dator bakarrik; izan ere, dagoeneko ikusgai dago Mario Lezaunek zuzendutako bideoklipa.
Sara Zozayaren "Caravan", nostalgiaren joan-etorriez
Donostiar artistak Gaztean estreinatu du "Caravan", uda ostean publikatuko duen Nara diskoko bigarren aurrerapena.
Artistak "Gu"n kontatu digunez, abesti nostalgikoa den arren, ez da iraganari idatzitako kanta bat. "Erlazio pertsonalei buruzkoa da, denbora pasatu ahala jendea joan eta jendea etortzen dela, erlazioak aldatu egiten direla…", azaldu zigun Sarak.
Rigoberta Bandini: 90eko nostalgia, Miamitik
"Sí, soy una 90's bitch, amo a Britney Spears y ando desubicada". 90eko hamarkadako emakume galdu guztien ereserki bilakatzeko ereserki forman dator "Miami Beach", Rigoberta Bandini kataluniar artistaren azken singlea.
Miamin grabatu du bideoklipa, bertako eszenografia ikonikoa (Miami Beach hondartza bera, Ritz hotela…) omenduz.
Foo Fightersen "Under You"
Estatubatuar bandak But Here We Are disko berriko bigarren kanta publikatu berri du: "Under You". Diskoa ekainaren 2an merkaturatuko dute, baina aurretik aurkezpen berezia egingo dute maiatzaren 21ean, Veeps plataformaren bidez. Bertan, LP berriko abesti batzuen zuzenekoak entzun eta banbalinetako hainbat irudi ikusteko aukera izango da.
Taylor Hawkins taldeko bateria jole ohiaren heriotzaren osteko lehen abestia da "Under You".