Eurovision 2023: memeak, polemika eta Liverpoolen bizitakoaren kronika
Larunbatean, Liverpoolek europar kantagintzaren festarik handiena hartu zuen, Eurovision lehiaketaren 67. edizioan. 26 finalista lehiatu ziren txapelketan; eta, orotara, 18 hizkuntza entzun genituen M&S Arenako oholtza gainean.
Boto guztiak zenbatuta, Loreen suediarrak eraman zuen kristalezko mikrofonoa, "Tattoo" izeneko kantari esker. Errekor bat hautsi zuen artistak, bigarren aldiz irabazi baitu txapelketa (2012an irabazi zuen estreinakoz, "Euphoria" abestiarekin).
Garaipenaz harago, Loreenen ikuskizunak sekulako oihartzuna izan zuen sare sozialetan. Suediarraren eszenaratzearen eta lookaren inguruko memeak nagusitu dira, baita irabazi zuela jakitean izandako jarrerari buruzkoak ere. Gainera, "Tattoo"ren eta "Flying Free" abestiaren antzekotasunek eta plagioaren inguruko zurrumurruek hainbat lerroburu bete dituzte.
Bestela, Kroaziako eta Finlandiako ordezkarien inguruko hainbat tweet ikusi genituen. Erabiltzaileek Eurovisioni eskatzen dizkioten bi ezaugarri ezinbesteko beste zituzten biek: look xelebreak eta eszenaratze bitxia.
Politika, eztabaidaren erdigunean
Urtero legez, Israelen partehartzeak erabiltzaileen haserrea piztu du, Palestinaren kontrako erasoak tarteko. Hala, Israelen irudia zuritzea leporatu zaie, beste urte batez, Eurovisioni eta bertan parte hartu duten herrialdeei.
Aurten, gainera, Ukrainako gerraren eztabaida gehitu da agendara. Bada, txapelketako zuzendaritzak betoa jarri dio Errusiari, "Ukrainian eragindako aurrekaririk gabeko krisia" argudio gisa erabilita.
Aipatutako bi herrialdeek beste batzuen kontrako erasoaldiak egin izan dituztela kontuan izanda, erabiltzaile askorentzat kontraesankorra izan da Eurovisionek Israel eta Errusiarekin egindako bereizketa.