Coachella 2023: Bad Bunnyren sarrera, Rosalia, Blink-182ren itzulera eta BlackPinken errekorra
Mundu mailako musika jaialdirik entzutetsuena asteburu honetan bueltatu da, ohiko forma eta tamaina erraldoiarekin, pandemiak baldintzatutako urteen ostean.
Apirilaren 14an ireki zituzten Coachellako ateak, Indioko (Kalifornia) Coachella Valley basamortuan. Gorillaz, The Chemical Brothers, Becky G, Wet Leg eta Blondieren zuzenekoez gozatzeko aukera izan zuen publikoak.
Sahara Tent oholtzan zela gertatu zen ostiraleko une berezienetako bat. Eguneko azken eguzki izpiekin batera, Blink-182 hirukoa oholtza gainean agertu zen, ia 10 urteko etenaldiaren ostean. Tom DeLonge, Mark Hoppus eta Travis Barkerrek bandaren hit nagusiak jo zituzten, baita "Edging" izeneko azken singlea ere.
Larunbatak K-pop generoaren eguna izan behar zuen, baina bestelakorik ere ikusi genuen. Boygenius hirukoak, The Kid LAROI, Charli XCX, Eladio Carrión, Mura Masa eta 070 Shake artistek astindu zituzten jaialdiko oholtza nagusiak.
Egunaren amaieran, K-pop generoaren zaleen momentua izan zen. BlackPinkeko Jisoo, Lisa, Rose eta Jenniek marka berria hautsi zuten: laukote korearraren Coachellako emanaldiaren zuzeneko emisioak 250 milioi ikusle izan zituen YouTuben.
Igandean, Frank Ocean buru zuen kartelean, Björk, Kali Uchis, Dominic Fike, The Blaze eta Willow artistak izan dira protagonista. Oceanen kasuan, eztabaida piztu da sareetan, azken orduan jakin baitugu ez genuela Louisianako artistaren emanaldia zuzenean ikusteko aukerarik izango.