Kalean da ‘Endless Summer Vacation’: Miley Cyrusen disko berriari buruz jakin beharreko guztia
Miley Cyrusek bere estudioko zortzigarren diskoa publikatu berri du: Endles Summer Vacation. Urtarrilean 13an atera zuen lan luzearen singlea, "Flowers", eta 2023 hasierako ereserkietako bat bihurtu da.
Hamahiru abestik osatzen dute LPa: hamabi abesti berri eta "Flowers"en demo bertsio bat. Gaietan, desamodioa eta ahalduntzea nagusi. Doinuetan, ostera, artistaren ohiko pop, rock eta funk doinuei ukitu elektronikoak batu zaizkie (technoa, sintetizadoreak eta 80ko hamarkadako discoari erreferentziak).
Kaliforniar artistaren diskoaren kaleratze dataren iragarpenak sare sozialak aztora zituen; izan ere, lan luzea Liam Hemsworthen —Cyrusen bikotekide ohia— urtebetetze egunean argitaratu da.
Diskoa ez dator bakarrik. Bada, albuma "River" abestiaren bideokliparekin batera aireratu du artistak. Hori gutxi balitz bezala, "Endless Summer Vacation (Backyard Sessions)" izeneko dokumentala estreinatuko du gaur (martxoak 10), 19:00etan, Disney+ plataforman.
Endless Summer Vacation: Los Angelesi idatzitako maitasun gutuna eta Madonnari eginiko omenaldia
Artistak egindako adierazpenen artean, diskoa "Los Angelesi idatzitako maitasun gutuna" dela azpimarratu daiteke. Letretan eta doinuetan aurkituko ditugun erreferentziez gain, musikariak AEBko pop kulturaren ikonoetako bat omendu du bere lan berrian.
Disko berriaren azalean, Miley Cyrus ageri da, bainujantzian, trapezio batetik eskegita —Briana Capozziren argazkia—. Zintzilik, "Wrecking Ball"en estiloan, baina zeharo eraberrituta.
Zaleek ez dute denborarik galdu eta dagoeneko badakigu zein izan den irudiaren inspirazio iturria: 1992an Madonnak publikatutako "Sex" liburu erotikoan aurki daitekeen argazki bat.
"Sex"en argitalpenak sekulako eztabaida piztu zuen, hainbat herrialdeetan zentsura jasatera iristeraino. Bilduman Madonnak berak idatzitako testu erotikoak eta Steven Meisel argazkilariak aurki daitezke.
1992tik ez da poparen erreginaren liburu fetitxearen edizio berririk atera eta daude aleek 300 dolaretik gorako prezioa dute bigarren eskuko merkatuan.