Loreak, maitasuna, boterea eta 'kintsugi'a: zeharkatu gaituzten hamaika erreferente feminista

Erreferenteen, miresten dituzten sortzaileen eta feminismora gerturatzen lagundu dieten ideien bilduma egin dute Gazteako esatariek.
'Retrato de una mujer en llamas' filmeko irudia
'Retrato de una mujer en llamas' filmeko irudia

Entzunaz eta ikusiaz egiten da bidea. Eta hala ekin diote euren ibilbide profesionalei Gazteako esatariek, ondoan zein pantailaren, orri zuriaren eta irratiaren beste aldean dituzten bidaideen lorpenei so.

Emakumeen Nazioarteko Egunean ere, sarea josten jarraitu nahi dugu. Musen adiera patriarkaletik ihesi bada ere (emakumeok ez dugu besteen inspirazio iturri soilak izan nahi, guk geuk sortu nahi dugu), begiratzeko ispiluak behar ditugulako.

Hala, sorkuntzaren bidea urratzen lagundu dieten emakume erreferenteen inguruan galdetu diegu Gazteako esatariei. Artista bat, kontzeptu bat eta ikus-entzunezko eduki kutun bana ekarri dizkigute Andrea Aranburu, Aihoa Vitoria, Leire Arrojeria, Maite Garmendia eta Sara Alonsok.

Andrea Aranburu

Artista bat: Olatz Salvador.

"Dida!"ko esatariaren esanetan, eguneroko hautuetan, "Yoko Ona" podcastean, "Mauriziak ez dau iñor hil" ikuskizunean eta bere emanaldietan emakume musikariei ematen dien tokian antzeman daiteke Olatz Salvadorrek feminismoarekin duen konpromisoa.

Musikariaren obran, "Eraman nazazu" abestiaren bideoklipa nabarmendu du Andreak: "Gorputz eta identitate ez normatiboak bildu ditu bertan, eta askotan guztiok normalak garela esatearekin nahikoa izaten ez denez, pertsonalki, asko eskertu diot modu horretara biluztu izana. Nire konplexuei aurre egiteko nahian eta dudan gorputza onartzeko borrokan, lagungarria da besteek ere eurena ikusaraztea".