Rihannaren Super Bowla: 'hit'ez betetako errepertorioa, marketin kanpaina paregabea eta haurdunaldi berria
Bart izan da 2023ko Super Bowl ligaren finala, Kansas City Chiefs eta Philadelphia Eaglesen taldeen artekoa. Rihanna izan da partidaren atsedenaldiko ikuskizuneko protagonista, eta eskainitako showak mundua astindu du.
State Farm estadio (Glendale, Arizona) lepo betean, airean zintzilik zegoen plataforma mugikor baten gainean, agertu da Barbadoseko artista. Goitik behera gorriz jantzita eta dantzari gudaroste batek inguratuta, "Bitch Better Have my Money"ren bertsio elektroniko batekin hasi du ikuskizuna.
Lurrera jaitsita, "Where have you been", "Only girl (in the World)", "We found love", "Rude boy", "Work" eta "Wild thoughts"en mashupa egin du Rihannak, koreografia ikusgarriaz eta pirotekniaz lagunduta.
Ikuskizunaren erdi aldera, sareak aztoratu dituen keinua egin du artistak. Mundu erdia begira zuen unean bertan, koreografia eten eta makillajea konpondu du Rihannak, bere markako (Fenty Beauty) produktua erabilita. Markak dagoeneko sekulako irabaziak dituen arren, marketin estrategia paregabe baten emaitza izan da keinua.