Grammy sarien itzulera: Beyoncéren errekorra eta 'MOTOMAMI'ren garaipena
Bart ospatu dute, Los Angelesen, musikaren munduko sari banaketa garrantzitsuenaren gala. Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ostean, Crypto.com Arenara bertaratu direnek LIZZO, Harry Styles eta Sam Smithen zuzeneko ikuskizunez gozatzeko aukera izan dute.
Sariei dagokienez, Beyoncé izan da gaueko erregina. Izan ere, Grammy Sarien errekorra hautsi du: 32 garaikurrekin, Akademiak gehien saritu duen artista da estatubatuarra. Aurten jasotako zortzi izendapenetatik lau sari eraman ditu: R&B abestia, Dance grabaketa, R&B interpretazioa eta Dance/Elektronika albumik onena.
Hala ere, sari potoloetan kale egin du artistak, hainbat izendapen zituen arren. Zaleen arreta deitu du datuak, askotan izendatu duten arren, behin baino ez baitu irabazi sari handietako bat (2010ean, "Single Ladies" abestiari esker).
Errekorrak errekor, Beyoncék gaueko anekdota utzi du. Jaso dituen lau sarietatik hiru baino ez ditu hartu eskuartean, berandu iritsi baita antzokira, Los Angeleseko auto ilara erraldoi batean harrapatuta gelditu baita.