Singles day: gertu ditugu, “etxerako modukoak” dira, eta ez dute bikotekiderik (edo hori uste dugu)
"Singles day" edo bikotekiderik gabeko jendearen eguna da azaroaren 11. Ospatzeko, gure aurpegi ezagunei erreparatu, eta zerrenda bat osatu dugu Gazteako erredakzioan, ustez (datu ofizialik gabe) bikotearen kutxatxoa hutsik dutenen artean.
Euskal kulturako zein pertsonak altxatuko luke eskua, dena emanez, Beyonceren "Single Ladies" abestian? Hona gure apustua!
Kiliki Frexko
Guk dakigula, bikotekiderik gabe dago Chill Mafiako kidea. Hala ere, sare sozialetan ikusi dugunez, maitasunaren inguruan badu zer esana: "gizon alfei" ligatzeko gomendio ironikoak ematen ikusi dugu TikToken.
Idoia Asurmendi
Arabar artistak musikarekin lotutako informazioa publikatzen duen arren, noizbait bere egunerokoaren leihoa zabaltzen digu Instagramen. Lagunekin inguratuta, bidaia zoragarrietan ikusi dugu Idoia azkenaldian.
Eneko Sagardoy
Irati filmaren eta Moto antzezlanaren aurkezpenetan buru-belarri ikusi dugu durangar aktorea azkenaldian. Bikotekiderik ote duen ez dakigun arren, bihotza maitasunez gainezka duela esan daiteke bere agerpen publikoetan ikusten dugunagatik.
Twin Melody
Ordiziako bikiek ez dute euren bizitza pertsonalaren inguruko informaziorik zabaltzen. Hala ere, egiten dituzten challenge eta trenden artean, maitasunaren inguruko baten bat ikustea gustatuko litzaiguke.