Euskoprincessekin estudioan, Rakky Ripper artistarekin egindako elkarlanean

Bi artisten arteko elkarlanaren lehen urratsak grabatzeko aukera izan du Gazteak.

Euskoprincessekin estudioan

Euskoprincess hernaniar artistarekin izan da Gaztea, Rakky Ripper musikariarekin egindako kolaborazioa bertatik bertara ezagutzeko, BIME jaialdiaren 10. edizioan.

Estudioan, bere abestien sorkuntza prozesua izan du hizpide Euskoprincessek: zerk inspiratzen duen, nola grabatzen dituen lehen ideiak, izaten dituen trabak, erabiltzen dituen metodoak…

Euskoprincessen lanaz gain, Rakky Ripper granadar artistarekin estudioan egindako hitzordua grabatu du Gazteak. Bertan, bien arteko elkarlanaren lehen urratsak kontatu dizkigute bi protagonistek.

Nor da Rakky Ripper?

Pop elektronikoaren munduan leku propioa egiten ari den artista granadarra da Rakky Ripper.

2017an hasi zen musikaren munduan lehen urratsak ematen, trap eta reggaetoi doinuei helduta. Azken urteotan, ibilbidea profesionalizatu eta bere estiloaren bilakaeraren erakusgarri diren hainbat single, Neptune Diamond izeneko albuma eta Xtra Cost izeneko EPa kaleratu ditu.

Aurten, gainera, Benidorm Fest musika lehiaketan izango da, Eurovisionera joateko lehian, "TRACCIÓN" izeneko lanarekin.