Asteko berriak: Rihanna, Sara Azurza eta Gartxot, Amaiaren azkena, 'Eskutitza' eta LODVGen bertsio ‘makineroa’

Aste bukaerarekin batera iritsi dira musika nobedadeak. Jakingura gehien eragin duena: Rihannaren itzulera, zazpi urteko isilunearen ondotik.
'Lift Me Up'en azala
'Lift Me Up'en azala

Zazpi urte itxaron behar izan ditugu Rihannaren berri musikalak izateko. Gauerdian entzun dugu "Lift Me Up", balada gozo eta hunkigarria, artistak Black Panther: Wakanda Forever filmerako egindako abestia.

Azaroan estreinatuko da Marvelen pelikula, eta zurrumurruen arabera, Rihannaren bi abestik osatuko dute filmaren soinu banda.

Aipatutakoa ez da Barbadoseko artistak azkenaldian utzitako lerroburu bakarra. Izan ere, 2023ko Superbowleko artista gonbidatua izango dela iragarri zuten iraila bukaeran.

Amaiaren "Más de la mitad"

Rihannaren bide berdina hartuta, Amaia nafar artistak ere abestia estreinatu du gaur. Eta ez da kasualitate bakarra. Bada, "Más de la mitad" izeneko abestiak ere soinu banda funtzioa beteko du No mires a los ojos filmean.

Mikel Salasekin elkarlanean konposatutako baladan, Amaiaren ahotsa entzun dezakegu, pianoak lagunduta. No mires a los ojos azaroaren 4an estreinatuko da.

LODVGen "Puedes contar conmigo", inoiz entzun ez duzun moduanMaria Escarmiento artistak ekarri digu ostiraleko hirugarren proposamena. Madrildarrak La Oreja de Van Goghen (LODVG) "Puedes contar conmigo" klasikoaren bertsio elektronikoa plazaratu du gaur.Estudioko bertsioa gaur entzun dugun arren, Escarmientok Bartzelonako Harrotasunean jo zuen lehen aldiz Puedes contar conmigo. Bertan izan zirenek unea grabatu eta bideoa biral egin zen sare sozialetan.

Merina Gris, amodioa eta erantzunaKlasikoen bertsio elektronikoei helduta, Merina Gris donostiarrek ere izan dute zer esana. Urriaren 25ean estreinatu zuten Eskutitza, Hemendik At! taldearen eresekiaren bertsioa. Ordutik, publikoaren harrera beroa jaso du kantak, eta euren zuzenekoetako abestirik kantatuenetarikoa da.Taldeak sare sozialetan jakitera eman duenez, "Gureak Ez Zirenak" izeneko EP bat kaleratuko dute abenduaren 2an. Bertan, aipatutakoa eta beste hiru cover aurkituko ditugu.

"Uste ustelak"

Sara Azurza donostiar artistak aurki estreinatuko du Hemen berriro diskoa, eta aurrerapen single gisa aurkeztu digu "Uste ustelak" izeneko pieza. Bakarlaria, baina, Gartxoten konpainian dator oraingo honetan.

Aspaldiko ezaguna dugu Sara Azurza. Izan ere, 2021eko Maketa Lehiaketako finalean bere funk, pop eta soul doinuez gozatzeko aukera izan genuen. Saririk lortu ez zuen arren, sekulako ikuskizuna eskaini zuen Bilboko Kafe Antzokiko oholtza gainean.