47 kontzertu, goizean hasi eta gauera bitartean, Durangoko Azokako Ahotsenean
15 urte beteko ditu aurten Ahotsenea guneak. Ospatzeko, "bost eguneko musika maratoia" antolatu dute.
Eneritz Furyak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Urtero legez, zuzeneko musikak Durangoko Azokako egitaraua zeharkatuko du, goitik behera, Ahotsenea gunean. Sortzaileen topalekuak 15 urte beteko ditu aurten, eta ospatzeko, "bost eguneko musika maratoia" prestatu dute antolatzaileek.
Banda hasiberriek eta ibilbide luzeko taldeek Plateruena astinduko dute, goizeko 11:00etan hasi eta 22:00ak arte, abenduaren 7tik 11ra bitartean.
Urtero bezala, aniztasuna izango da nagusi Ahotseneako egitarauan. Goxua N'Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera edota Mirua talde hasiberriek eszenatokia partekatuko dute Delirium Tremens, Willis Drummond edota Kokein bezalako ibilbide luzeko bandekin.