Glastonburyren itzulera: puntako emanaldiak eta AEBko abortuaren legearen kontrako aldarriak
Nazioarteko musikarien bilgune izan da asteburuan Glastonbury festibal historikoa hiru urteko geldialdiaren ostean. Pandemia aurreko indarrari eutsita ospatu dute azken edizio hau jendez lepo betetako landa eremuan. Billie Eilish, Paul McCartney, Kendrick Lamar, Diana Ross, Noel Gallagher eta Lorde izan dira asteburuan Piltoneko (Erresuma Batua) piramide oholtza famatua astindu duten izen nagusietako batzuk.
Erresuma Batuko musika jaialdirik handienak irudi ikusgarriak utzi ditu, baita aldarri politikoak ere. Izan ere, AEBko abortuaren legea bertan behera utzi duten Auzitegi Goreneko epaileen kontrako mezuek presentzia nabarmena izan dute artisten diskurtsoetan.
Olivia Rodrigo, Lorde, Phoebe Bridgers eta Kendrick Lamarrek aldarri feministak egin dituzte oholtza gainean. Rodrigok, bere aldetik, azken berriekin "beldurtuta" dagoela adierazi du Glastonburyn. Gero, abortuaren legea bertan behera uzteko bozkatu duten Auzitegi Goreneko bost arduradunen izenak esan ditu taula gainean, "gorroto zaituztegu" mezuaren aurretik, Lily Allenekin Fuck You abestia kantatu aurretik.
Kendrick Lamar, ostera, arantza koroa batekin agertu da jaialdiko agertoki nagusian, aurpegia eta alkandora odolez beteta zituela. Eszenaratze ikusgarri honekin, estreinatu berri duen Mr. Morale & The Big Steppers diskoa (AEBko urteko salduena) aurkeztu du Glastonburyko publikoaren aurrean. Kontzertu bukaeran, emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena egin du kaliforniar artistak.